URPEKONTZIAK

Sorgin ehiza berriak datoz
helburu zaharrei jarraitzeko.
Merke lapidazioak
ez da inor onik irtengo

Azalera irtetea
zama honekin
lan nekeza denez,
itsasoan guztiok
hondoa jo arte
atsedenik ez.

Denean daude urpekontziak,
gure joana zelatatzen.

Leku segururik
jada ez dago hemen.

Kartoizko kaiola bustiak
buru ahul hauei eusteko,
itxaropen ondo neurtu bat
taupadek lasai jarraitzeko.

HIBERNAZIOA

Egunak
triangelu beltz honek
irentsita.
Laguntza
dei berantiarregiak
eskegita

Buru nekatu honen
Hibernazioa,
egun eta gau.
Ezerezarekin
urtzera noa,
denborak galdu nau.

Haitzetara,
itsasargi lagunek
bidalita.
Egarriz,
euriei itxaroten
eserita.

AURRI GARA

Elur geruza
batek gordeta
zauzka eta isiltasunak
mindu dizu gorputza.

Barruranzko oihuek
hutsuneetan
oihartzun egiten dute
hezur eta muinetan.
Zure hezur eta muinetan.

Aurri gara.
oinutsik, babesgabe
eta badator negua.
Berandu da gordetzeko.

Errukia diet
beldur gabeei.
Amildegi ertzean
loak hartzen dituenei.

Aurri gara.
oinutsik, babesgabe
eta badator negua.
Berandu da.
Aurri gara.
oinutsik, babesgabe
eta badator negua.
Berandu da gordetzeko.

HORMA ETA HAIZEA

Guztia harrika itzaliz lehor esan zenidan:
“argi gutxirekin askotan hobe ikusten da”.
Ametsen zama arindu genuen
topa eginez euren alde,
bat bera ere bete gabe.

Aurkitu zaitut,
ilunpetan horma ezagun bat bezala.
Aurkitu nauzu,
ihesean lagun duzun haizea bezala.

Ikarak doinu ederrenez kantatu zenizkidan:
“hegazti guztiak zeruan iltzatu dituzte”.
Mundu honetara jaurti gintuzten
helbururik aipatu gabe,
galderek dena bete arte.

PIZTIEK SOMATU GAITUZTE

Gaur ematen du
ezer ez dela
dagokion norantzan hazten.
Esklabuek ez dute
libre izan nahi,
ugazaba izan nahi dute.

Galdu ditugu hegalak.
Berriz ere beldar gara,
beldur garen bezainbeste.
Piztiek somatu gaituzte…

Leihoetatik
begira egon
eta ez dizute bihotza hautsiko.
Baina bada garrantzi
gehiago duenik
zuhur jokatzeak baino.

BALEAK

Bizkarra apurtzen
digu biziak
zizaretu arte.
Egun berriekin
porlanezko euria
ametsak grisez urtzen

nor gara ezer egiteko?
zer egin inor aldatzeko?

Deika ari dira,
gor geure bidean.
Nahiz badakigun
bihar bat­batean
izan gaitezkeela
gu euren lekuan
baleak hondartzetan.

Negua aspaldi
igaro omen da,
ez du inork baina
bere koba eroso
eta arriskugabetik
kanpora atera nahi.

Nor gara ezer egiteko?
Zer egin inor aldatzeko?

BANPIROEN HIRIA

Printzipio guztiak
alboratuta bukatzerako.
Mesede eta asmo onak
utzi garai hobeetarako.

Egia baino
azkarragoa izan
behar duzu hemen
ihes egiteko.
Letagin zorrotzez
zulatu baitizute
ilusioa zena,
zena, zena, zena, zena.

Alkandora zuriak
diru beltzez ordainduak dira.
Neoizko pentsamenduak
badatoz gauaren erdira.

Odolik ez daukana
banpiroen hirian
zoriontsu izatetik
hurbilago dago.
Eta hunkitzen ez dena
Negu beltzen herrian
guztiaren zentzuaz
ziurrago dago.

ITZALAK ZUTIK

Itzalak zutik
dabiltza
herri goibel honetan.
Azalean zehar
galderak eta
erantzunak denak begietan.

Kosta egiten da
kalean
arnasa hartzea;
hain dago hemen
inguruko
airea ametsez betea.

Ilunak gara,
baina gure denbora
agortu baino lehen
piztuko gara
eromenezko
argi zuri itsugarriz.

oinei begira,
hunkitze
aukerak galtzeko.
Ez zaitez mugitu,
ez dituzu kateak inoiz sentituko.

ERREPIDE HURBILENETIK URRUN

Etorkizun gehiegi dakar
zama bat bailitzan buru honek.
Eta itotzen nauten ametsak,
aspaldi nik bilatu nituen.

Inor heltzen ez den leku bat aurkitu dut
errepide hurbilenetik urrun,
han berriro ikas dezakegu arnasten.
Atsedena behar nuen, behar dugu.

Inork inoiz astindutako
soka baten soinua du hemen
nahi genuen isiltasunak.
Lo kanta bat ari naiz entzuten…