1 – HAIEK GU

Egunak muineraino
dastatu nahi ditugu;
baina, oharkabean,
haiek gu hozkatu gaituzte.

Pisua arintzeko,
oroipenak erantzi,
eta, presarik gabe,
haiek gu biluztu gaituzte.

Burua ez galtzeko,
kantu bila jo dugu.
Nahi izan dutenean,
haiek gu aurkitu gaituzte.

2 – DENA OSKOL
Susmoa da,
baina, agian, hanka sartzeek
ez dute balio
jada ikasteko ere.

Eta zaila da,
baina pentsa
guztia barruan gordez
iraungo duzula
bertan ito arte.

Bideak txiki egin zaitu.
Itzalek hartu,
eta orain dena zara oskol.

Nahi zenuke
labana zorroztu berrien
distira hotz hori
gordetzea zure hitzek.

Bilatu bai,
baina ez duzu
egin nahiko zenukeen
hori azaltzeko
aditz egokirik aurkitzen.

Bideak txiki egin zaitu.
Itzalek hartu,
eta orain dena zara oskol.
Hormatua duzu azala,
eta muinetara
iristerik ez dago.

3 – BURDIN JANTZIA

Zaharrak ez dio hiltzeari uzten,
eta berria
oinaze artean jaiotzeke dago.
Garai etsia.

Neurrira egin dute
burdin jantzia,
gezur sorta berria.

Geldiarazleak,
ziztatzen ari zaizkigun eztenak.
Nola senti aldea
inoiz aurretik mugitu ez denak?

Neurrira egin dute
burdin jantzia,
gezur sorta berria.
Eta irabazten utzi
ziguten guztia
desagertzen hasi da.

4 – EKAITZEN ARRAZOIEN BILA

Oinordetzan jaso al dugu
sorgor gaituen
axolagabekeria?

Aitzakia bila jarraitu.
Helduleku txikiei ere
eusten trebeak gara.

Aukeran daukagu
soilik zein amuri heldu:
nik nirea, zuk zurea.

Aldaezin ziren egiak
eta pauso ibiliak.
Ekaitzen arrazoien bila
dena bustitzen ari da.

Ziurgabetasunetik
ez al gaituzte babesten
kristalezko sabaiek?

Ez dute behar ausardiarik
beldurrik sentitzen
ez duten horiek.

5 – ETORKIZUNA

Ohitzea eta irautea
ez al dira hiltzeko
bide berriak?

Hainbeste kolpek apalduak,
erantzun beharrean,
deprimitzen gara.

Etorkizuna lapurtu nahi digute,
aurpegiak agerian,
erdeinuz.

Bizia buruz ondo ikasia,
etengabe goresten
erdibidea.

Zoriontasun ideiei segika,
saltokiren batean
agertu gara.

Etorkizuna lapurtu nahi digute,
aurpegiak agerian,
erdeinuz.
Geurea dela sinesten dugun arte,
ez gara gauza izango
berreskuratzeko.

6 – ZUTZEAN

Normaltasun terminala:
gailentzen den eritasuna.
Zin egidazu gu ez garela
inoiz ariko eguraldiaz.

Ezeren beharrik ez duzu.
Zalantzen jokoan ez sartu.
Zutzean zara su.

Gar txiki bat eman nizun nik,
eta zuk sute handia itzuli.
Marraz dezakegu,
nahi baduzu elkarrekin,
babestuko gaituen zirkulu hori.

7 – AZALAK EZIN HARTU

Norbaiti entzun diot
beldur irrazional hau dela
irudimenaren ordaina.

Dena hobera doa:
arazoren bat daukat
irtenbide bakoitzarentzat.

Hormen zain,
denak gainezka egiten duenean.
Eztanda naiz;
azalak ezin hartu.

Bizkarra eman nizun,
eskaintzeko beste ezer
geratzen ez zitzaidanean.

Eta bilatuko zaitut,
onartu nahi ez arren,
hau guztia urperatzean.

5 – IRTEN

Esadazu zer den larriagoa:
su ematea
ala erretzen uztea.

Sarean askatuz sumin etsia,
hondamendia
gordelekutik beha.

Munduko harresiek
kezkatzen gaituzte,
itxuraz behintzat,
geure baitatik irten
ezin garenean.

Sitsak jan dizkigu astiro hitzak.
Hemen bakoitzak
darama bere zama.

Geure buruei traizio egin;
ezkuta ezin
sortu zaigun orbana.

Babesik gabe kanpora nola irten?
Gure oskolak gurtzea lortu dute.