SAGARROIA

Nire baitan kiribiltzen naiz,
nik beste inork ez dit minik emango orain.

Arantzak kontrako norabidean
hazi zaizkion sagarroia naiz.

Orbel artean ezkutatzen naiz
eta ez zarete iritsiko salbatzeko garaiz.

NI NAIZ

Kale-zakur guztiek
nigan bazka dute;
erraiak agerian
hitz soil baten truke.

Dantza egin maitea!
Ez al dituzu entzuten
beleen mokokadak
tenpoa markatzen?

maskararik gabe, ni naiz
biluzik, babesik gabe. Ni naiz.

Zugan itxaropena,
nigan infernua.
Lokatzetan ondora
astiro noa.

ITSASARGIAK

Zeru-lurrak astindu
oihu gordin batekin.
Gure mugak gainditu
bizitzeari ekin.

Zeru ilunez hitz egiten duzu;
izarrak baino ez ditut ikusten.

Eguneroko amorrua
bizigogo bihurtu.
Beldurra eta isiltasuna
su berrietan urtu.

Izarrak,
kaleak sutan.
Gidatzen gaituzten
itsasargiak.

MAGGIE DICKSON

Hiltzen saiatu ginen
guzti hura itzuli da.
Itsutu ninduen beldur
guztia garaitu dut jada.
Prest nago munstroari
begietara begiratu eta
birikak airez puzturik
oihu egiteko.

Maggie Dickson bezala itzuli da,
berpiztu da.

Mozten saiatu ginen
lotura hark estu dirau.
Baztertu eta memoriaren
txoko ilun batean
txukun gorde genituen oroitzapen
guztiak agertu dira,
denbora pasa ondoren argazki albuma
ireki izan bagenu bezala.

DENA

zuek sentitzen al zarete nire antzera,
itsasoaren aurrean baldin bazeundete bezala?
Irribarrea marrazten zaizu egunero begietan,
ez utzi olatu ilunek ezabatzerik.

Dena eskaintzen dut guztiaren truke.
Gutxi eskatzen dut, dena nahi nuke.
Lagundu goizero mundu hau ulertzen,
begiak ireki gabe ikusten.

beldurrek lotuta naukate, argiek itsututa.
Ilunpetan bizitzera ohitu ginen aspaldi.
Agian arrazoia dute eta gu gaude okertuta,
noiz egin genion uko zorte onari?

Ikusten lagundu, argiek itsutu naute,
mesedez lagundu ikusten!
Doinu bat entzun dut, nonbaitetik deitu naute,
mesedez lagundu ikusten!